Jatorria: http://busturialdea.hitza.info/2013/01/16/hack-inbadakiguk-software-askearen-alde-lan-egitea-eskatuko-dio-bermeoko-udalari/
Medioa:
Data: 2013/01/16

Hack.In#Badakigu elkarteak  software askearen alde lan egiteko eskaera egingo dio Bermeoko Udalari mozio baten bitartez. Halanda be, mozioa aurkeztu aurretik software librearen kontzeptua gizarteratu gura dutela adierazi du Dabid Martinez elkarteko kideak. Gainera, herritarrek mozioari ekarpenak egiteko aukera be badutela azaldu du.
«Bizi dugun krisi garaian, dirua aurreztea suposatuko luke software librea ezartzeak», dio Martinezek, baina zenbaterainoko aurreztea suposatuko lukeen jakiteko hausnarketa bat egitea beharrezkoa dela uste du. Gainera, aipatzen duenez hainbat dira horrek emoten dituen aukerak, «euskaraz erabili ahalko litzateke, lizentziak doan eskuratu eta hornitzailearekiko independentzia izatea suposatuko luke», besteren artean.

Antolatutako plangintza

Elkartearen lana ez dela bakarrik mozioa aurkeztea dio Martinezek, «plangintza bat egin dugu, herriari software askea zer den azaldu ahal izateko». Mozioa, gainera, oraindik alda daitezke; izan be, herritarrei ekarpenak egiteko aukera eskaintzen die. Otsailaren 14ra arteko epea dago horretarako eta Hack.In#Badakigu elkartearen webgunearen bitartez egin behar dira, «guk minimo bat aurkeztu dugu eta interesgarria izango litzateke ekarpenen bitartez mozio indartsuago bat egitea». Ondoren, otsailaren 16an, asanblada bat egingo dute, herritarren ekarpenak eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Osotasunean prest dagoenean, otsailaren 20an, hitzaldi bat emongo dute «herriari gure erabakia aurkeztu ahal izateko». Beraz, mozioa martxoko osoko bilkurarako aurkezteko asmoa dutela iragarri dute. Bitartean, gainera, elkartetik azaldu legez, «Eusko Alderdi Jeltzalekoei (EAJ) eta Bildukoei gure mozioa aurkeztuko diegu eta horren aldeko botoen bila ibiliko gara. Herriarentzako ona dena ez da ekintza partidista bat, beraz, bi alderdien baietza lortu beharko genuke».

Ekintza sozialean «asko sinisten» dutela diote, horregatik erabaki dute mozioa udalean aurkeztu aurretik gizarteratzea. Martinezen esanetan, «guk gure herriko elkarte garen heinean, Bermeoko Udalean aurkeztuko dugu mozioa, baina idatzi duguna oso estandarra da eta edozeinek jaitsi dezake eta bere herriko udalean aurkeztu».

Eskatzen dutena

Azterketa publiko bat egitea eskatzen dute mozioaren bitartez, «Bermeon zer dagoen jakin ahal izateko». Azterketa egin ostean software egokitzapena egin beharko litzatekeela diote, «jakin zeintzuk diren gehien erabiltzen diren programak, zeintzuk litzentzia dauden eta zenbat ordaintzen den horiengatik». Horrez gain, segurtasunaren inguruko hausnarketa bat egitea be ondo legokeela uste dute.

Proiektua finantzatu ahal izateko Europako Batasunak emoten dituen diru laguntzak eskatzea be proposatzen diote udalari. «Guk gure burua, gainera, laguntzeko prest agertzen dugu bai azterketa egiteko zein software aholkularitzarako. Parte hartze aktiboa sustatu gura dugu ez bakarrik dena mozioan geratzea».

Euskal Herrian erreferente izango den software askearen zentro teknologiko baten sorrera bultzatzea be eskatzen du mozioak, «horrek ez du esan gura eraikin bat beharrezkoa denik, Kultur Etxeko gela batekin nahiko legoke software askearen alde lan egin gura dugunok gure esparruetako lanak garatu ahal izateko». Martinezek gogorarazten duenez, «Hack.In#Badakigu elkartea dagoeneko software askearen munduan erreferente da bai Euskal Herrian zein hemendik kanpo be». Halanda be, udalak horren alde lan egiten lagunduz gero, «askoz be indar gehiago» izango lukeela uste dute.

Udalari eskatuko diote baita be, software askea bultzatzea herritarren artean, «alternatiba seguruak eta indartsuak» daudelako. «Zailena herritarrengana iristea da horren inguruko zentro erreferente bat ez dugulako. Guk ikastaroak eta laborategiak antolatzen ditugu baina zentro bat lortuko bagenu, jendeak jakingo luke behingoz zer den software askea», dio Martinezek.

Categories: Medioetan

Leave a Reply