Teknologiaren garapena eta jendartearen garapena guztiz lotuta dauden bi kontzeptu dira. Guztiz lotuta gainera beste batzuk guztiz askatu nahi duten bi kontzeptu direla esan beharko genuke.

Hack.in#badakigu kontzeptu bi hauen loturatik jaio zen, herriak teknologia behar du eta teknologiak herria behar du. Teknologia herriaren eskuetan utzi beharra dago eta horretarako sistemak inposatutakoari uko egin behar diogu. Jendarteak berak alternatibak bilatu behar ditu eta azken hauek garatu, sistemak inposatzen dituenak gainditu arte.

Ez gara jainkoak eta ez dugu inoiz izan nahiko, baina “jainkoak” ematen digunari alternatibak bilatuko dizkion talde bat izango gara eta horretarako gure eskuetan dauden erantzun molde guztiak erabiliko ditugu. Beraz sistema teknologiko honek ematen dizkigun lan moldeei uko egiten diegu gure idea eta garapen propioak gauzatuz.

Elkarlana sustatzen dugu, lagunak lagun izatea sustatzen dugu, nire alboan dagoena ni bezalakoa izango da, nahiz eta erdia jakin, eta ez diot inoiz ezer eskutatuko, beti gauzak argi bezain argi uzten.

Horretarako teknologia sozializatuko dugu, kalean, etxean, eskolan, administrazio publikoan…

2007tik teknologiaren sozializazioa gauzatzen!